[03/11/29an Berrian agertutako
elkarrizketa.]
«Nahiago
dut bizizalea izan,
txiste proletarioa baino»
Aurten,
aspaldiko partez, Tijuana in Blue musika taldea agertoki gainean
ikusteko parada izan dugu berriz. Eta Marco Antonio Saez de Acedo
kantariak Eskrotorena egin du berriz. Bihar, azken kontzertua
emanen (omen) dute.
Estellerriko Allon bizi da Marco Antonio Saez de Acedo (Iruñea,
1965) amaren etxean, Belzebu, Perlita, Zezilio eta Zezilia katuekin
batera. Karrikan gurutzatzen zaizkion herritar guztiak agurtzen
ditu, bakar batekin huts egin gabe. «Iruñean arraroa
egiten zait bidean aurkitzen ditudanak ez agurtzea», dio.
Zaila da Marco Antonio Eskroto bezala irudikatzea. Tijuana in
Blue taldeko kantariari nekez sumatzen zaio punk iraganaren arrastorik.
Elkarrizketa ia osoan, Eskrotoren ama ez da aurrean izan, baina
Marco Antoniok buruan du; «Eta orain amak entzuten ez didanez»
erran du hainbatetan. Zeziliok eta Zeziliak arretaz entzun dute
solasaldia.
Eskroto ‘k’-rekin edo ‘c’-rekin?
Nik
beti k-rekin idatzi izan dut. Katakrak garaietako izengoitia da,
eta orduan dena k-rekin idazten genuen.
Oraindik ere hala deitzen dizute?
Bai. [Ama ondoan dago, etxeko lanak egiten, eta zera dio: «Ez
dakit zergatik erran behar dizuten Eskroto. Gavilan ongi…
baina Eskroto! Niri ez zait inoiz gustatu»]. Jendeak noiz
ezagutu ninduen, halaxe erraten dit: Eskroto, Gavilan, Marco,
Juanillo, Pelokuto, Polvorilla… Badakizu, jendeak izengoiti
bat paratzen badizu, gustatu ala ez, harekin geldituko zara. Niri
berdin zait nola erraten didaten. [Amak segitu du: «Etxera
deitzen badute Eskrotoz galdezka, nik erraten diet Eskroto ez
dela hemen bizi, hemen Marco bizi dela». Ama ogia erostera
joan, eta Eskroto lasaiago gelditu da].
Sex Pistols punk taldea duela zenbait urte itzuli zen, eta ‘Dena
diruagatik’ bira egin. Tijuana in Blueren itzulera halakoxea
izan da?
Beno, egia da gainsoldata txiki bat lortzea ez dagoela batere
gaizki. Baina ez, ez da diruagatik izan. Nik, behintzat, kristoren
gogoa nuen agertoki gainera igotzeko berriz. Mikel gitarristak
erran zuen gisara, ospatu behar genuen osasuntsu geundela, osorik,
bizirik, eta ez kartzelan edo eroetxean.
Eta zergatik utziko duzue orain?
Hasiera-hasieratik, asmoa genuen denboraldi batez egoteko, eta
gero uzteko. Zergatik? Bada, errepertorio zaharra dugu, eta ez
dugu bizitza osoa kanta zaharrekin eman nahi. Gustua hartzea zen
kontua, konplikaziorik gabe, eta urte bukaeran utzi.
Tijuana in Bluek Tafallako bestetan eman zuen lehen kontzertua,
1985ean, eta Guardia Zibila oldartu zitzaien ikusleei. Zuen karreraren
isla izan zen hura, ezta? Kaosa, parranda, gehiegikeria eta fundamentu
gutxi.
Bai, bai. Kristoren istorioak bizi izan ditugu… beno, nik
gogoratzen ditudanak. Jendeak askoz ere istorio gehiago gogoratzen
ditu. Nire memoriak idazteko, jende asko gonbidatu beharko nuke,
nire historia konta dezaten. Kristoren hutsuneak baititut. Dena
dela, nik uste dut jendeak irudimen handia duela, eta istorioak
asmatzen eta puzten dituela. Tijuanakook ez dakit zenbat aldiz
hil garen, zenbatetan egon garen kartzelan, zenbat istripu izan
ditugun, zenbat gorputz adar ebaki dizkiguten, zenbat astakeria
egin dugun. Hala sortzen da mitoa.
Tonino Carotonek errana du pertsonak garela uste dugula, baina,
egiazki, pertsonaiak garela.
Bai, hori da. Dibertigarria ere bada, eta ematen du zureaz gain
bertze hainbat bizitza dituzula. Eta niri iruditzen zait politagoa
dela fantasia errealitatea baino. Nahiago dut jendeak pentsatzea
ni bizizalea naizela, txiste proletario bat naizela jakitea baino.
Niri ez zait proletario izatea gustatzen, gorrotatzen dut, bizitza
miserablea da.
Beno, noizean behin jauzia eman eta zure pertsonaiarena egiten
duzu.
Bai, noski! Eta mitoa sortzen duzu. Jendearen irudimena ez da
errudun bakarra. Nik ere zer edo zer egin dut.
80ko hamarkadan, Tijuanan kantatzeaz batera, Katakrak okupazio
mugimenduan hartu zenuen parte, baita Eguzki Irratian ere. Prozesio
ateoak antolatzen zenituzten, eta kaka eta txiza egite herrikoiak.
Mugimendu handiko garaiak ziren Iruñean.
Hala da, bai. Guk ez genuen esperientzia politikorik, ez ginen
inoiz mugimendu iraultzaileetan egon. Baina bagenuen kezkarik,
eta protestatzeko gogorik. Eta protestatzeko bertze modu bat sortu
zen. Horrek arrastoa utzi du. Adibiderik garbiena Ezker Abertzalea
da; mugimendu ezberdina da 80ko hamarkadaren aitzinetik eta ondotik.
Aldaketa hori kaletik etorri zen.
Ez zaizu iruditzen kalea onenak emanda dagoela?
Egia erran behar badizut, ni horretaz guztiaz ez naiz batere jabetzen.
Iruñera ez naiz askotan joaten. Dagoeneko ez zait Iruñea
gustatzen, ezta kalea ere. Nire gisara ibiltzea gustatzen zait.
Ikuspegi indibidualista da, bai, baina hala da. Kalean mugimendu
gutxi dagoela? Bada, aizu, kalean dagoenak egin dezala egin beharrekoa,
eta hor konpon. Niri Allon egotea gustatzen zait, nire katuekin.
Lehen aipatu ditugun prozesio ateo haietan, noiz edo noiz jo egin
zintuzteten, ezta?
Bai, erromatarrek lantzekin, mozorroek pazko zuziekin, eta poliziek
borrekin. Kristoren iskanbila sortzen zen! Kontua zen haien dibertsioa
izorratzea. Toki guztietatik etorri zitzaizkigun kritikak. Baita
gure giro barnetik ere. Badakizu, «faborez, hori gehiegikeria
da, eta ez berriz egin», eta gisakoak. Eta, jakina, zenbat
eta kritika gehiago, orduan eta gusturago egiten genuen. Eta kasu!,
orain ni neu joaten naiz prozesioak ikustera.
Ez erran.
Bai, bai. Ni ateoa naiz arras. Baina bataio, jaunartze eta ezkontzetara
joatea atsegin dut. Aurten, gustura baino gusturago joan naiz
Uretako Kristo Santuaren prozesiora. Alloko patroia da, eta haren
omenezko tailu erromanikoa dugu, XII. mendekoa edo. Bada, aurten
zaharberritu dute tailua, eta prozesioa egin erakusteko. Ni ikustera
joan nintzen, igandeetako jantziarekin, kristoren debozioarekin.
San Ferminekin gertatzen den gauza bera da. Ateoek ere debozioa
diote, herriarengatik sentitzen dena irudikatzen baitu. Eta orain
ulertzen dut zergatik haserretzen ziren prozesio ateoak antolatzen
genituenean. Baina, aizu, Julio Caro Barojak erraten zuen gisara,
tradizioa bezain geurea da heterodoxia; alegia, prozezioa segitzea
bezain geurea da prozesioa izorratzea.
Hala izanen da, bai. Behin, Tijuanakook meza beltza egin zenuten
Durangoko elizako atarian.
Bai, baina ez zen egiten genuen lehen meza beltza izan. Kontua
da Durangoko hartan, itxurazko sakrifizioa egitean, arrainen erraiak
bota genizkiela ikusleei. Nazkagarria izan zen. Eta kristoren
iskanbila sortu zen. Kontzertua bukatuta, botilakada bat jaso
zuen morroi bat etorri zitzaigun, eta erran zigun gure kontzertuek
bortizkeria pizten zutela. Gero, bertze batek adierazi zigun animaliekin
ezin genuela halakorik egin, haiek ere eskubideak zituztela. Gu,
beti bezala, zenbat eta istilu handiagoa, orduan eta gusturago.
Tijuanako kaosa ez zen betierekoa izan, eta makina bat iskanbilaren
ostean, banandu zineten. Zu Mexikora joan zinen, eta mexikarren
azentuarekin itzuli. Kojon Prieto y los Huajolotes taldea sortu
zenuen gero.
Tijuanan nengoela, rancherekin zaletu nintzen, Tigres del Norte
taldearen zinta bat entzun eta gero. Alde batera utzi nituen rock
diskoak. Mexikotik bueltan, Iruñeko hainbat musikarirekin
hitz egin nuen, baina inork ez zuen deus jakin nahi izan. Oso
sinesgarritasun gutxi bainuen. Normala. Erotzat jotzen ninduten.
Azkenean, ni bezalako bertze ero batzuk bildu, eta taldea sortu
genuen.
Aitak ere ‘ranchera’-k kantatzen omen zituen.
Bai, baina nik ez nuen horren berririk. Eraikuntza batean lanean,
lankide bati aipatu nionean rancheren talde bat sortu behar genuela,
zera erran zidan: «A! Zure aitak bezala, herrietako bestetan
kantatzen zituen». Eta etxera joan nintzenean, amari galdetu
nion. Eta baietz. Ez zidan lehenago kontatu ez zitzaiolako gustatzen
ni musika munduan egotea.
Tijuana parranda eta kaosa zen. Eta Kojon Prieto, parrandan eta
kaosan txapeldun.
Bai, bai. Neurria galdu genion erabat. Kojon Prieto ez zen Tijuana
bezain destroy, baina, hala eta guztiz ere, liskarretan ematen
genuen egun osoa. Nolanahi ere, hiru urtez iraun genuen, eta hiru
disko egin genituen.
Kojon Prietoko kide batek, Toñinek, arrakasta lortu zuen
gero, Tonino Carotone bezala. Zer deritzozu horri?
Barregura ematen dit, barregura sanoa. Huajoloteekin hasi zen
Toñin Italiako musika melodikoarekin zaletzen. Taldea desegin
eta gero, afaria egin genuen, eta Toñinek kontzertua eman
zigun. Lehertu beharrean barre egin nuen! Ikaragarria izan zen.
«Hau bai eroa», pentsatu nuen; nork eta neuk! Baina,
aizu, Toñinek daukan etorriarekin, lortuko zuela ere pentsatu
nuen. Musika munduan dagoen kakarekin, hagitz ongi iruditzen zait
grazia duen zerbait egotea.
Aukeratu beharko bazenu, Tijuana ala Kojon Prieto?
Tijuana in Blue. Nik kristoren gogoa nuen Tijuanarekin berriz
jotzeko. Tijuanaren energia deskarga nahi dut, zarata, eromena,
astakeria. Orain ez dut formaltzeko gogorik. Fundamentuzko pertsona
izan, lan egin, familia… Hortik ez naiz pasatuko. Lan egiten
dut beharra dudalako, eta bizitza arautua eramaten dut laneko
ordutegiak hori agintzen didalako. Horregatik, ezin diot muzin
egin barneko amorrua kanporatzeko aukera honi.
Azken urtean, okina izan zara. Nola moldatu zara kontzertuetara
joateko?
Beno, asteko jaiegunak kontzertuekin bat egiteko moldatzen ginen,
eta nola edo hala egin dugu. Baina gogorra izan da. Kontzertuetatik
bueltan, leher eginda, lo egin gabe joaten nintzen lanera. Erotzeko
modukoa zen batzuetan, eta gelditzeko beharra sentitzen nuen maiz.
Horregatik, hasieran behintzat, kontzertua bukatu eta sekulako
mozkorra hartzeko gogoa izaten nuen. Gero, neurria hartu nion.
Duela gutxi, okin izateari utzi diozu. Orain, baduzu denbora Tijuanarekin
lasai egoteko. Baina bihar duzue azken kontzertua.
Bai, hala etorri dira gauzak. Kontua da hasieran erabaki genuela
abendua arte egonen ginela bakarrik. Ez genuen erre nahi. Pena
emanen digu uztea, baina ongi etorriko zaigu, ikusteko zer egin
dugun. Eta gero erabakiko dugu aurrerantzean zer egin.
Eta zuk zer eginen duzu?
Ez dakit. Zenbait
hilabetez langabezian egonen naiz, lanean zaudelarik egiterik
ez dituzun gauzak egiteko. Neure buruari denbora eman nahi diot.
Nolanahi ere, bai, beldurra ematen dit Tijuanarenak egiteak. Ziur
naiz sekulako hutsunea sortuko dela neure baitan, jotzeak mendean
hartu bainau. Agertoki gainean nire benetako nia izaten da. Bertze
guztia, eguneroko bizitza, komedia da. Agertoki gainean ez dago
komediarik.
Berria.